buscar
castellano
  Tribuna
comparte por correo electrónico
BOZKATZEA MOBILIZATZEA DA
 ·  Miércoles, 25 de Noviembre de 2015
<< Volver
BOZKATZEA MOBILIZATZEA DA

Abenduaren 20an berriz ere gauza asko daude jokoan, joan den maiatzako udal eta autonomia-erkidegoko hauteskundeetan bezala, iazko Europako hauteskundeetan bezala, hauteskundeak ospatzen diren bakoitzean bezala, edo geure eskubideak defendatzeko edo erdiesteko  kalera atera behar dugunean bezala. Borroka amaigabea da baina ez dugu etsitzerik, erlaxatuz gero ziria sartuko baitigute.

Hemendik gutxira gauzak aldatzeko aukera izango dugu, astoak izango bagina bezala ezarri nahi diguten eta mantendu nahi duten bidetik ateratzeko. Gobernu nazional berria eratzeko aparteko aukera dugu, botere ekonomikoaren eta Europako erakundeetako, Europako Banku Zentraleko edo Nazioarteko Diru Funtseko gaizkideen ezarpenak jarraitzen ez dituena. Botere ekonomikori eta kapitalari lehentasuna eman beharrean, kaleko beharrei lehentasuna ematen dien gobernua. Jendearen beharrak asetzen dituena eta beren arazoak ebazten dituena.

Mobilizatzeko unea da, eta gure inguruan dauden pertsonak mobilizatzeko animatu behar ditugu, egoera ez baita batere ona.  Inkestek interes argia dute, ez dira tresna objektiboa baizik eta kanpainetako osagai bat gehiago, hori bai, iritzia eratzeko gai eta beraz, bozkatzeko joera aldatzeko gai. Eta joerak erakusten duenaren arabera, estatu mailan, non oraingoan partida jokatzen den, PPk gobernatzeko gehiengo nahikoa lor dezake Ciudadanosen babesaz. Zalantzarik gabe egoera ikaragarria da.

Argi dago Ciudadanos eskuineko alderdia dela; bada ezpada ez dut eskuin-muturrekoa esango. Hala eta guztiz ere, aipatutako botere ekonomikoen menpe diren komunikabide gehienek kanpaina ederra egiten diete, produktu berria, ederra, liluragarria saltzen saiatzeko, haien bitartez jatorrizko markaren galerak berreskuratzeko asmoz.

PP (Nafarroan UPNrekin batera) boto gehien jaso dezakeen alderdia izan daiteke, baina beste asko galduko dituelarik, horiek Ciudadanosentzat izan daitezke. Boto gehien jaso dezakeen alderdia! Baina, zer gertatu behar du herrialde honetan, milioika pertsonek begiak ireki ditzaten? Lehenik lan erreforma egin zuten, eta ondorioa langabezia, azpienplegua, prekarietatea eta esklabotza-antzeko lan baldintzak izan ziren. Bigarrenik, pentsioen zenbatekoak izugarri murriztuko dituen erreforma. Gainera pribatizazioak, murrizketak osasun sisteman, heziketan, menpekotasunean, gizarte prestazioetan, beketan, ikerketan… eta beste horrenbeste gauzatan.

Eta zer esan daiteke PSOEri (edo PSNri) buruz? Ezer berri. Gobernatu dutenean, eskuinekoek burutzen duten politika fiskal eta ekonomiko berbera burutu dute. Gizarte politiketan zenbait keinu baino ez. Behar duguna ikusirik, eskasak eta urriak. Kasu honetan herritar gehienek ikusi dute eta horregatik ezetza ematen diete.

Ezkerrekoa edo eskuinekoa ez den aukera baten alde erabakia hartzeko aukera indarra galtzen ari da eta beherantz doa, eta horregatik haren liderra kanpaina mediatiko honetan estudio eta erredakzio ezberdinetan sarritan ageri  da, indarrez. Eta aldi berean, herritarren aldeko benetako aldaketa gauzatzeko parte-hartze sozial zabalerako proiektua babesteari uko egin zion, geure herrialdeko hiri eta herri askotako udal hauteskundeetan gertatu zen bezalaxe.

Bitartean, partidu eta koalizio nazionalistek eragin gutxi izango dutela dirudi. Gainera beste gauza batzuk interesatzen zaizkie, Katalunian ikus daitekeen bezala. Beren lehentasuna ez da jendea, lurraldea baizik.

Beraz, usteagatik (edo ezabapenagatik), pertsonen alde lan egiten duten politikak proposatzen, defendatzen eta sustatzen dituen aukera bakar bat dago. Hasieran Ahora en Común izena hartu zuelarik, udal hauteskundetan gauzatu zen mugimenduari lotuta zegoen; oraingoan Kongresurako hauteskundeetarako Unidad Popular-Orain Batera izenaz aurkezten da, eta Senaturako hauteskundeetarako Cambio-Aldaketa hautagaitza bateratuaren barne. Eta Alberto Garzón da bere gobernuko presidenterako hautagaia.

Gure koalizioak IU eta Batzarre biltzen dituelarik, afiliazio politikorik gabeko beste pertsona asko ditu bere baitan, gehienak gizarte mugimenduetatik etorriak. Adibidez, Begoña Alfaro Kongresurako zerrendaburua, utzarazpenen aurkako eta duintasunaren aldeko martxen militante aktiboa dugu, eta gainerako hautagaitzak osatzen dituzten lagunak bezalaxe, hauteskunde primarioen prozesu ireki batetan hautatu dugu.

Unidad Popular-Orain Baterak agerian azaldu du alderdi-bitasunak eta horrek ordezkatzen duen kapitalismoak utzi diguten suntsipenari aurre egiteko jaio dela, baita lanik ezaren, osasunean eta hezkuntza publikoan eta bestelako gizarte prestazioetan gertatutako murrizpenen aurrean alternatiba bat eraikitzeko ere. Alderdi honek lanaren bermearen, soldata duinen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta etxebizitzaren alde apustu egiten duelarik, horiek gutxieneko eskubidetzat jotzen ditu.

Subiranotasun ekonomikoa herriak mantendu behar du, ez merkatuek, eta espekulaziotik eratorritako zor publikoa ordaindu, edo Konstituzioaren 135. artikulua indargabetu, hots, zor hori beste edozein gauza baino lehen ordaintzera behartzen duena. Unidad Popular-Orain Baterak banku publikoa sortu eta ekonomiako sektore estrategikoak nazionalizatu nahi ditu, errepublika federal laiko eta solidarioa eraikita.

Alberto Garzónek dion bezala: “Gure aurrezkiak eta erdiespen sozialak lapurtzeaz gain, gure etorkizuna lapurtu nahi dute ere. Horren aurrean, mundu justu baten alde borrokatzen duen jendearen solidaritatea eta antolaketa da irtenbide bakarra. Historiak erakutsi digu egoera honen aurrean baloreak eta printzipioak nagusi izan behar dutela. Eta balore eta printzipio horiei esker historian zehar eskubide eta askatasunak eskuratu ditugu. Eskubideak ez dira negoziatzen, ez dira enkantean jartzen; aldiz, oligarkiari kentzen zaizkio.”

arriba
iu batzarre los verdes plataforma navarra por el cambio
CREATIVE COMMONS · Web realizada con código abierto y publicada con software libre (GNU/GPL)
recortes no